FORMA BEGIRADAN

Henry Moore


Henri Moore, Castleford, Erresuma Batua, 1898 - Hertfordshire, 1986. Eskultorea, marrazkilaria, grabatzailea eta litografoa. Bere eta gure garaiko artegilerik ezagunenetakoa zen eta da. Lehen Mundu Gerran borroka egin eta gero, arte ikasketetan hasi zen Leedsen, eta 1919an,  beka bati esker, Royal College of Art delakoan sartu zen. Eskultura arkaikoak eta klasikoak oso erakartzen zutenez gero, maiz joaten zen British Museumera eta Italian, Frantzian eta Espainian bidaiatu zuen. 1925 eta 1932 artean Royal Collegen irakasle izan zen, eta Chelseako Arte Eskolan 1932tik 1939ra.
H. Moore giza figurari buruzko lanengatik da ezaguna. 1920ko hamarkadan egindako  lehen lanek Kolonen aurreko amerikar estatua megalitikoen eta Constantin Brancusi eskultorearen formen eragina salatzen dute.
Baina, heldu ahala, eskulturek sinplifikazio formal zorrotzera jo zuten. 1934an, Moorek materialetan hutsuneak sakontzeari ekin zion, eta 1940tik aurrera hutsuneek eta masek garrantzi bera dutelako teoria lehenetsi zuen, formaren eta espazioaren elkarrekiko osagarritasunaren bila. Haren obrak eragin handia izan zuen bere garaiko eskultore askoren formazioan, hala nola Chillida eta Oteizarenean.
Venezian 1948ko  Bienalean Eskulturaren Nazioarteko Saria irabazi izanak nazioarteko ezagutza erakarri zion, eta enkargu asko jaso zituen, haietako asko espazio publikorako. Jaso zituen enkargu publiko inportanteenen artean, horra Londresko metroak Saint Jamesen dituen bulegoen egoitzarako Ipar haizea (1928), Ama Birjina Haurrarekin (1949)  Claydon-eko elizarentzat, Suffolk-en, Figura erdi etzana (1951) Bretainiako jaialdirako, eta beste Figura erdi etzan bat (1958) Pariseko UNESCOren egoitzarako.
Erresuma Batuko zenbait erakunde artistikotan ere parte hartu zuen, eta haren aztarna aurkitzen da Londresko National Gallery eta Tate Galleryn, bion zuzendaritza batzordeetako kide izan zen eta. Henry Moore 1986ko abuztuaren 31n hil zen, Hertfordshiren.


Eskulturak

Izenburua Figura handia aterpean 
Lekua Gernika
Juntetxearen ondoan 
Materiala Brontzea 
Neurriak  
Inaugurazioa 1985 
Sustatzailea Eusko Jaurlaritza