FORMA BEGIRADAN

Bilbo

Bilbo Diego Lopez Harokok fundatu zuen, 1300ean, eta hurrengo urtean Fernando IV.ak Hiri titulua eman zion.
Historikoki, industrian eta portuaren inguruko lanetan oinarritu du aberastasuna, eta Atlantikoko ardatzeko hiririk indartsuenetako bat izatera iritsia da. Industrien hedapenak erakarri zituen langileen oldeei etxebizitzak eskaintzeko beharrak bultzatuta, XX. mendean zehar izugarri zabaldu zen hiria. Gaur egun, inguratzen duen eskualdean ia milioi bat lagun bizi dira.
80ko hamarkadako krisiak, ordea, bide berriak jorratzera eraman zuen, eta gainbehera zegoen hiri industrialaren egiturak aldatu, eta zerbitzu eta kulturakoetan finkatzera jo zuen Bilboko ekonomiak.
Hiriaren eraldaketa sakonaren ostean, lehen Ibaizabalen ertzeko industrialde zabala zena gaur egun aisia eta merkataritzarako esparrua da, non egitura kulturalak nagusi diren. Guggenheim Museoa da erakargargune nagusia, baina ez bakarra: horra hor, beste museoez gain, Euskalduna Jauregia, Isozaki Atea Dorreak, berdeguneak eta alde zaharra.


Eskulturak

XX. mendeko lehen hamarkadetan Euskal Herrian egiten zen eskulturak erreferente estetiko tradizionalei erantzuten zien. Oro har, esan daiteke euskal sortzaileak oso gutxitan murgildu zirela berrikuntza plastikoetan, gehienak eskultore akademiazaleak ziren, eta irudi figuratiboak egiten zituzten. Gehienbat politikan, kulturan eta goi-mailakotzat jotako jardunetan nabarmendutako pertsonaien estatuak paratzen ziren, haien oroimena gordetzeko eta haien egitandiak eta bizitzak gogora ekartzeko asmoz. Garai haietako ospe handiko artisten lanak ikus daitezke Bilboko kaleetan; besteak beste, Joaquin Lucarini, Francisco Durrio, Higinio Basterra, Moises Basterra, Julio Beobide.
Europako beste herrialde batzuetan eskultura-hizkerak XX. mendearen hasieran berritzen hasi ziren arren, Euskal Herrian artearen ekoizpenean 1960ko hamarkada arte, hau da, batez ere, Oteiza eta Chillidaren eskutik, “Euskal Eskola” izeneko taldearen oldarraldira arte, ez zen gertatu aldaketa esanguratsurik.
Eskultura publikoari dagokionez, Bilbo hiria izan da gure erkidegoko sustatzailerik handiena. Aipatzekoa da azken urte hauetan, hiriaren berrikuntzarekin batera, arte modalitate honek egin duen gorakada. Bilboren irudia itxuraldatu nahi zenez, bertako eta kanpoko artista inportanteenen lanak bertakotu dira hirian: Chillida, Moraza, Mikel Navarro, Richard Serra, Jeff Koons. Haietako batzuk bisitatzea da ibilbide honen helburua.


Ibilbidea

Arte publikoa bisitatu nahi duen orok aukera zabala aurkitzen du Bilbon, kalean eskultura ugari topatuko ditu eta. Guk proposatzen dizuegun ibilbidea Ibaizabalen ertzean, Abandoibarran barna doa. Euskalduna Jauregiaren inguruan dauden eskulturetan hastea gomendatzen dizuegu, non Larrea, Dalí, Garraza eta beste batzuen eskulturak ikusiko dituzuen, Guggenheim Museoko sarreran dagoen Jeff Koonsen Puppyri begira bukatzeko. Ibilbidearen interesa hain zuzen horrexetan datza, oso egile, joera eta eskultura desberdinak ikustean, ikasgeletan hausnarketa eta eztabaidaren pizgarri.


Informazio gehiago

Bilboko historiari buruz, bere ondare artistiko zein kulturalaz jakin nahi izatera.
http://www.bilbao.net/
http://www2.bilbao.net/bilbaoturismo/euskera/ipractica/historia.htm
http://www.hiru.com/artea/ondarea/hiribilduak/bilbo

Nola iritsi?
Renfe: Informazioa: Telef: 902 24 02 02/ 902 10 94 20    
www.renfe.es
http://www.renfe.es/cercanias/bilbao/index_horarios.html
http://www2.bilbao.net/bilbaoturismo/euskera/cllegar/tren.htm
Autobusak: Termibus. Geltokia, zerbitzuak, ordutegiak…
http://www.termibus.es/
Metroa.
http://www.metrobilbao.net/eus/home.jsp