Ibilbidea
EskulturakIbilbidea
Informazio gehiago
Eskulturak
1·Gure aitaren etxea2·Figura handia aterpean
3·Baso animatua
Egileak
1-Eduardo Chillida2-Henry Moore
3-Agustin Ibarrola
Beste Ibilbideak
TolosaBilbo
Gasteiz
Donostia
Gernika
Santimamiñeko koban (Kortezubi) aurkitutako historiaurreko pinturak Gernika aldean gutxienez Madeleine aldiaz geroztik (15000 K.a.) gizakien presentziaren lekuko dira, eta nolako lekukoak!
Gernika hiribildua On Tello kondeak 1366ko apirilaren 28an fundatua da. Bermeo eta Durango arteko eta Bilbo eta Elantxobe eta Lekeitio arteko bidegurutzean kokatuta, toki estrategikoa zen, errioaren ondoan, hots, itsasontziz irits zitekeen gunean.
XV. mendean hiribildua 5,8 ha. zabal zen, eta 865 bat bizilagun zituen. XVI-XVII.etan ez zuen aldaketa handirik nozitu. Bertako burgesia txikiaren pribilegioei eutsi nahi zien araudi zorrotz baten bidez gobernatzen zen.
Gernikako herritarrak, nekazaritzari emanikoez gain (laboreak, ortuariak, fruta-arbolak), artisauak (errementariak, ehule eta jostunak, zapatariak) eta merkatariak ziren, gaien garraio eta salerosketetara emanak.
Mendeetan zehar auzoko Lumo elizatearekin gatazka ugari izan zituzten, lurrak zirela eta ez zirela, harik eta 1882 urtean biak batu eta Gernika-Lumo udalerria sortu zuten arte.
Industria XX. mendearen lehendabiziko hamarkadan bertakotu eta garatu zen. 1920an zituen 4.500 biztanletik 1936an 6.000 biztanlera iragana zen.
Gernikan dago Bizkaiko Batzar Etxea, eta arbola sinbolikoa, non bizkaitarren foruei zin egiten zitzaien.
1937ko apirilaren 26an, Gerra Zibilean, Hitlerrek Francoren armadari lagundu nahi ziola eta, Kondor Legioko hegazkin alemanek hiria erabat suntsitu eta arraso utzi zuten.
Gertaera latz hark inspiratu zuen Picasso arte garaikidearen lanik enblematikoenetako bat sortzera. 1988an, hiriaren bonbardaketaren 50. urteurrena zela eta, bi eskultura kokatu ziren: Eduardo Chillidaren Gure aitaren Etxea eta Henry Mooreren Large Figure in a Shelter.
Gaur egun, Gernika-Lumo eskualdeko hiriburua da, eta 16.000 bizilagun ditu. Nekazaritzan, industrian eta kulturan ekoizpen handiko hiri honek kultura- eta arkitektura-ondare galanta erakusten die bisitariei.
Eskulturak
Kulturako politika instituzionalak arautzen ditu eskuratzeko eta finantzatzeko ereduak, eta halatan baldintzatzen dute espazio publikoan artearen praktika garaikidea.
Bakea, tolerantzia, askatasuna, elkartasuna eta antzeko balioak erakustea izan ohi da herrialde demokratikoetan gobernatzen duten instituzioen agenda politiko eta kulturaletako argudioa. Gernikako Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ahaleginak eta bi egin dituzte halako balioak elkarrekin bultzatzen. 1987an, Gernikaren suntsiketaren 50. urteurrena gogoratu nahian, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ebatzi zuten Chillidari Gure aitaren etxea eskultura enkargatu eta euskal askatasunen sinbolo den Gernikako Arbolatik gertu paratzea. 1990ean, Chillidarenaren ondoan beste bat jarri zuten, nazioarteko panoraman ospe handienetako eskultore Henry Mooreren Figura handia aterpean. Orduko hartan Gernikako Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak parte hartu zuten, askatasunen aldeko borroka bultzatzea zutela xede.
Aipatutako bi horiez gain, Gernikan badaude formatu klasikoko bi eskultura, Jesus Torresen Gernika Battalion Memoria eta Omenaldia Telmo kondeari, Agustin de la Herran arkitektoarena, bai eta formatu modernoko beste bi ere: Jesus Aldama arkitektoaren Harrizko hilarria eta Bonbardaketan hildakoen omenez, Eduardo Gordorena. Aipamen berezia merezi du Euskal Herrian egindako eskultura publikoaren berrikuntzan gehien konprometitu ziren artistetariko batek: Agustin Ibarrola eskultorea da, eta ibilbidean txertatu dugu. Ikasleei eskultura publikoaren bestelako ikuspegia emango dielakoan bisitatzea proposatzen dugun obra, ordea, ez dago Gernikan bertan, kilometro batzuetara baizik, Omako basoan.
Ibilbidea
Erakusten dizuegun mapan eskulturen kokapena irudikatu dugu (klik egin haietako bakoitzean eta dagokion egilearengana eramango zaituzte).
Proposatzen dizuegun ibilbidea egiteko, egun oso bat har dezazuen gomendatzen dizuegu, eskualdeko bi puntu desberdinetan zabaltzen denez, autobusa beharrezkoa da eta. Lehenik, Kortezubira joan eta Omako basoa bisitatzea proposatzen dugu. Kontuan izan autobusak utziko zaituzten tokitik basoraino kilometro bat inguru dagoela, eta oinetako egokiak eraman behar direla. Bisitak guztira bi bat ordu beharko dituela kalkulatu. Behin bukatuta, Gernikara joan zaitezkete, eta han, Chillida eta Mooreren eskulturez gain, Gernikako Bakearen Museoa eta Junta Etxea bisita ditzakezue.
Informazio gehiago
Proiektuaren sustatzaileei buruz gauza gehiago jakin nahi izatera.
Gernikako udala- http://www.gernika-lumo.net/eu_index.asp
Eta Gernikako historiari buruz, haren ondare artistiko zein kulturalaz, hiriak bultzatzen dituen jarduerez gauza gehiago nahi baduzu, honako honetan bilatu:
http://www.gernika-lumo.net/datu_orokorrak/ca_historia.htm
Eskulturak
http://www.gernika-lumo.net/informazio_turistikoa/eu_visita_a.htm
Monumentuak
http://www.gernika-lumo.net/informazio_turistikoa/eu_monumentos.htm
Nola iritzi?
Lineako autobusak: Bizkaiko edozein herritik/Gernikaraino
http://apli.bizkaia.net/apps/danok/tq/index.html?Idioma=ES