FORMA BEGIRADAN

Donostia

Donostian agiriz datatutako egoitzarik zaharrena XI. mendekoa da, gaur egungo   Antigua auzoan. Harrezkero, orain Gipuzkoako hiriburua denaren garapena, bai eta gizarte edota kulturarena ere, gainerako hiriguneetan bezala, historian zehar nozitutako eragin eta inguruabar fisiko nahiz soziopolitikoen arabera baldintzatuta egin da. Donostian, aldaketarik garrantzitsuenak karlistaldien ondoren gertatu ziren. Garapen ekonomikoa zela, hazkunde demografikoa zela, Donostiako zabalguneak etxebizitzen eta bestelako egoitzen eraikuntzaz, hiri-altzarigintzaz eta bestelako ekipoen hornikuntzaz bete zuen espazio geografikoa. Donostian ere, kostaldeko beste hainbat hiritan bezalaxe, zabalgunearekin batera zenbait espazio publikoren singulartasuna, hau da, hiriaren nortasuna, esku-hartze arkitektonikoaz eta eskulturen ezarpenaz gauzatu da: horra hor, adibide gisa, Viktoria Eugenia antzokia edo Moneoren Kursaal eraikin modernoa.
Egun, turismoa da hiriaren euskarri ekonomiko nagusietakoa; merkataritzak eta bestelako zerbitzuek ere jendetza handia erakartzen dute probintziako herrietatik hiriburura, Gipuzkoako erakundeek Donostian baitute egoitza.
Eraikin enblematiko ugariez gain, hainbat museo eta kultura eta arte gune (Arteleku) ere baditu. Donostiak eskaintza zabala proposatzen du kulturan, hala nola Jazzaldia eta Nazioarteko Zinemaldia.


Eskulturak

Donostian eskultura kopuru handia aurki daiteke espazio publikoan kokatuta. Haiek sailkatu nahi izatera, bai garaiaren arabera bai estiloaren arabera, bi multzotan bereiz genitzake. Lehendabizikoan, hots, XX. mende hasieratik 70eko hamarkadara doan tartean, eskuratu eta plazaratu ziren eskulturak ohiko ereduari jarraikitzen zitzaizkion; gehienetan plaza edo lorategien erdian edo eraikinei atxikita paratutako eskulturak izan ohi dira, politika edo kulturari ekarpen handia egindako pertsonaien oroimena gorde eta iraunarazteko asmoz bertakotuak: Okendo almirantea, Maria Kristina erregina, Pio Baroja idazlea, Zuloaga margolaria, Usandizaga, Sarriegi, Aita Donostia musikariak… Eskultura publiko modernoak ez zuen plazan tokirik izan 70eko hamarkada arte.
Handik aurrera, trantsizio politikoaz geroztik bereziki, erakunde publikoek eskultura kopuru handia kokatu dute espazio publikoetan. Donostian, udala izan da eskulturen kokapena gehien bultzatu duen erakundea, batez ere euskal eskultoreena: Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Agustin Ibarrola, Nestor Basterretxea, Ricardo Ugarte, Jose Ramon Anda, Andres Nagel, Aitor Mendizabal… Diseinatu dugun ibilbidean azken garai horri lotuko gatzaizkio.



Ibilbidea

Erakusten dizuegun mapan eskulturen kokapena irudikatu dugu (klik egin haietako bakoitzean, eta dagokion egilearengana eramango zaituzte).
Bideo honetan ikus dezakezuenez, guraso edo irakasleekin egiteko gomendatzen dizuegun ibilbidea Kontxako pasealekuaren aldirietara mugatzen da: Urumea ibaiaren bokaletik gertu hasi eta Ondarretan amaitzen da. Ibilbidean zehar nazioarteko panoraman itzal handiena duten bi eskultoreen lanaz, hots, Oteiza era Chillidarenaz, gozatu ahal izango duzue. Beste batzuk ere erakutsi nahi izan ditugu: Remigio Mendiburu, euskal eskolako eskultorerik gailenetakoa; Nestor Basterretxea, maila handikoa; Jose Ramon Anda, Aitor Mendizabal. Horiez gain, Donostiako ondare arkitektonikoari erreparatzeko aukera ere izango duzue:  Viktoria Eugenia antzokia, Moneoren kuboak, San Bizente eliza, Untzi Museoa, Klub Nautikoa, Miramar jauregia…


Informazio gehiago

Donostian kokatuta dauden beste eskulturei buruz gauza gehiago jakin nahi izatera:

“Bestelako Begirada. Eskulturak Donostian”. Turismo Bulegoak argitaratuta.

http://www.sansebastianturismo.com/info/sansebastianturismo/turismo_publicaciones.nsf/vowebContenidosId/E13AAE93D1981A23C1257612003EB383/$File/Esculturas_eusk_def.pdf

http://www.sansebastianturismo.com/info/sansebastianturismo/turismo_cultura.nsf/fwHome?ReadForm&idioma=eus&id=T433636

Eta Donostiako historiari buruz, haren ondare artistiko zein kulturalaz, hiriak bultzatzen dituen jarduerez gauza gehiago nahi baduzue, honako honetan bilatu:

Donostiako monumentuak, eskulturak, parkeak…
http://gipuzkoa.paseosvirtuales.com/index.php

Donostiako Historia.
http://www.ingeba.org/liburua/donostia/index.htm

Nola iritsi?
Renfe: www.renfe.es  Telef: 902 24 02 02/ 902 10 94 20    

Donostiako autobusak: (lineak, ordutegiak…)  http://www.dbus.es/es