Ulrich Rückriem
Dusseldorf alemaniar hirian jaio zen, 1938an. Koloniako katedralean hargintza eta zizelkatzeko teknikan ikasiz barneratu zen eskulturan. Wotruba eta Lipsi artisten eragina nabarmena da 60eko hamarkadaren erdialdera arte egindako lanetan, hots, lehendabizikoetan. Harrezkeroztik, Art Minimal delakoaren eraginpean, granitozko blokeekin hasi zen lanean: sekzio erregularretan moztu eta metatu egiten ditu, harik eta jatorrizko forma itzultzen dien arte.
Ekoizpen handia eta nazioarteko ezagupena bereganatu duenez geroz, munduko bienal inportanteenetan parte hartu du: Venezia (1976), Sao Paulo (1989), bai eta Documenta V (1972), VII (1982), VIII (1987) eta IX (1992) edizioetan ere. Espainia, Frantzia, Suitza, Italia, Erresuma Batua, Estatu Batuak, Grezia eta, jakina, Alemaniako museo inportanteenetan ikusgai dago haren lana.
Kalean dituen eskulturak museoetan daudenak baino are gehiago dira, Amerika eta Europako hiri asko eta askotan kokatu ditu eta. Haren eskultura publikoek beti ezartzen dute nolabaiteko harreman bat kokatutako tokiekin. Noiz edo noiz mugarriarena egiten dute, Bartzelonako Lau ziri edo Bilboko Titulurik Gabeko honekin bezala.
Eskulturak
 |
Izenburua |
Titulurik gabe |
Lekua |
Bilbo
Ribera parkean, Abandoibarra |
Materiala |
Granito Bleu de Vire |
Neurriak |
|
Inaugurazioa |
2003a |
Sustatzailea |
Instituzionala |
|