FORMA BEGIRADAN

Gasteiz

Euskadiko hiriburua Antso Jakitunak fundatu zuen, 1181. urtean. 1198an Alfontso VIII.ak setiatu eta 1200ean Gaztelako erresumaren parte izatera iragan zen. 1431n, Joan II.ak goratu eta ordura arte Hiri zenari Ziutate titulua eman zion.
Gasteiz oso toki estrategikoan dagoenez, historikoki garrantzi handia izan du, Gaztelako lautadatik Europara joateko biderik motzenean kokatua dago eta. Historian zehar, bada, merkataritza izan du ezaugarri nagusietako bat: XIII. mendean, astean hiru merkatu egiten ziren, bai eta 1399az geroztik urtero bisitari asko eta asko erakartzen zituzten bi feria ere. XV. mendearen bukaera aldera, berriz, Erdi Aroaren amaierarekin batera, ekonomiak nabarmen egin zuen atzera.
Aro Modernoan zehar atzerakada ekonomikoa ez ezik demografikoa ere izan zuen, harik eta XX. mendeko 60ko hamarkadan bultzada ekonomiko handia izan zuen arte, orduan finkatu baitziren Gasteizen hainbat sektoretako industria garrantzitsuak.
Egun, hiri aitzindaria da ingurumenaren iraunkortasunari dagokionez, eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta berrikuntza ekonomiko eta teknologikoko dinamikak sortzeko asmo handiko programa bat prestatu du.
Kultur ekipamendu modernoa dauka, eta Udalak kultura eskaintza zabala jartzen du herritarren eskura. Horra hor, adibidez: Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko erakustaldia, eta Gasteizko Nazioarteko Jazzaldia.
Halaber, museo ugari ere baditu, hala nola Artium, Arte Garaikideko Museoa, Arte Ederren Museoa. Eskultura publikoak ere ez dira gutxi, Udalak 80ko hamarkadan antolatu zuen eskultura sinposioen ondorioz. Bestetik, ondare arkitektoniko joria ere bisitatzeko modukoa da: Santa Maria katedrala, Kordoiaren Etxea, Bendaña jauregia, Montehermoso jauregia, eta abar.


Eskulturak

Gasteizek eite klasikoko eskultura mordoa dauka, XX. mende hasierako hamarkadetan Agustin de la Herran, Joaquin Lucarini eta beste hainbat egilek paratuta. Alabaina, mende bereko azken bi hamarkadetan “boom” bat gertatu zen, ondare kontuetan eskumenen aldaketa zela-eta kaleko artera bideratu ahal izateko instituzioek bereganatu zuten finantzatzeko ahalmenari esker. Gainera, demokraziaren ezarpenak eta hiriguneak txukuntzeko beharrak eskultura publikoaren eraberritzea ahalbidetu zuten. 80ko hamarkadan instituzioek, sinposioak eta “Tailer Irekiak” antolatuz, hirian eskulturak kokatzeko aukera eman zieten artista gazteei. 1981 eta 1994 bitarte antolatutako tailer irekien ondorioz, eskulturak ekoitzi eta hirian paratu zituzten artistak azken belaunaldikoak ziren: Paco San Miguel, Gamarra, García Cortazar, Girbau, Javier Hernandez, Juan José Eguizábal. Artista haiek Chillida, Ibarrola, Oteiza eta beste beteranoekin banatu zuten hiriko espazioa.



Ibilbidea

Aurkezten dizuegun ibilbidean, artista gazteen lanak eta beteranoenenak aldera ditzazuen nahi dugu. Casto Solanoren eskultura dagoen Dato kalean hastea gomendatzen dizuegu, eta azken bisita Miquel Navarroren eskulturari egin diezaiozuela. Ibilbidean barna, mapan seinalatutako gainerakoak ere ikusi ahal izango dituzue, tartean Eduardo Chillidarena, eskultura publikorik onentzat joa.


Informazio gehiago

Udala. http://www.vitoria-gasteiz.org/
Hiriaren historiari buruz gauza gehiago jakin nahi izatera.
http://www.vitoria-gasteiz.org/we027/http/html/es/0102.shtml
Museoak, Galeriak, kultura..
http://www.vitoria-gasteiz.org/we027/http/html/eu/11.shtml

Nola iritsi?
Autobusak. http://www.alavatotal.com/autobuses-vitoria/
Renfe: www.renfe.es